Nafarroako iparraldean kokatua, Baztan-Bidasoa eskualdeko paisaia mendien, herrien, basoen, ibaien, baserrien eta zelai berdeen harmonia ezin hobea da.
Historian zehar Ibarrean izan den herririk garrantzitsuenetako bat da, bai mendeetan zehar izan duen garapen sozial eta ekonomikoagatik, bai eraikin nobleek izan duten itxuragatik eta jaurerriagatik, baita arreta handiz kontserbatutako antzinako tradizioengatik eta historian zehar izandako pertsonaia garrantzitsuen ekarpen handiagatik ere.
Herriguneaz gain, Arizkunek garrantzi txikiko auzo ugari ditu: Bozate, Ordoki, Pertalas, San Blas, Bergara, Aintzialde, Otsanaiz, Erniegi eta Aritzakun aipatuko ditugu, eta Urritzateko baserriren bat ere Arizkungoa da, nahiz eta hori Erratzurako egin.
Leku berezi honetara joateko, Elizondo/Elbete igaro ondoren, NA-121-b errepidetik jarraitu beharko dugu, Frantziarako norabidean, 4 km-tan zehar, gure eskuinera doazen bi bidegurutzeetako edozein hartzeko (Laurentx edo Ikatzatea).
Arizkungo komentuari dagokionez, XVIII. mendeko portada ikusgarria du, hainbat tailu, erliebe eta horma-hobi dituen harrizkoa, eta organo neoklasiko bitxia du, “flauta baskoa” izeneko erregistroarekin, soinu oretsu eta sendoarekin, bakarra Nafarroan.
Agote arrazaren jatorria ez dago batere argi, orain arte gaia aztertu duten ikerlariak ere ez dira ados jartzen.
XII. eta XX. mendeen artean agoteak gogorki zokoratuak izan ziren eta Baztan izan zen baztertze honen azkeneko adibideetariko bat, izan ere Arizkunera egiten den Bozateko auzoan bizi izan baitziren XIV. mendetik aitzin.
Teoria batzuk diotenez agoteek jatorri bisigodoa zuten, beren itsura fisikoa ipar Europako jendeen antzekoa baitzen (altuak, begi argikoak eta kaska zuriak).
Baina gaur egun hedatuen dauden teoriek diotenez agoteak Frantziatik etorri ziren, denboretan hain zabaldua zegoen lepra eritasunetik eskapo. Preziski hori izaten ahal da Arizkungo jendeek agoteak zergatik baztertu zituztenekarrazoi “ulerkor” bat, lepra zuten eta beraiengandik urrundu behar zen.
Agoteek sufritu behar izan zituzten bazterketak gogorrak izan ziren dudarik gabe. Beraien artean ezkondu behar ziren, ez ziren lekukoekin nahasten ahal; bizkarrean katu baten hanka gorri bat margoturik eraman behar zuten agoteak zirela jakiteko eta kalean barna ibiltzen zirenean joare ttiki bat astindu behar zuten; ezin ziren herrian bertan bizi (Bozateko auzoa urrunxeago dago) eta beren etxeek ezin zuten Baztango armarria izan; Arizkungo elizan toki ezberdinean jartzen ziren burdin hesi batengatik berezituak; ur bedeinkatuko pila diferentea zuten eta elizara sartzeko ate ezberdin batetik ibiltzen ziren; mahai batean adibidez, ezin ziren herritarrak eta agotea elkarrekin jarri.
1817 urtean Arizkun, Baztan eta Nafarroako bizilagun guzien eskubideak berdinak zirela babesten zuen legedia atera zen.
Pixkanaka-pixkanaka zokoratze hauek alde batera utzi egin ziren eta bozatetarren gizarteratzea modu osoan eman zen.